TXIMINA BERDEA
Deustuko Unibertsitateko Industria Diseinuko Ingeniaritza graduko ikasleek diseinatu dute aldi baterako hiri-espazio berri hau, Deustuko Erribera auzoan kokatua eta hiri-inguruneen birnaturalizazioa sustatzera bideratua. Horrela, 2022-2023 ikasturtean 44 ikaslek naturan oinarritutako 22 soluzio asmatu zituzten hiri-biodibertsitatea sustatzeko (SbN), eta horren emaitza Tximinia Berdea izan zen, birziklatutako elementuekin, material biodegradagarriekin eta landareekin sortutako azpiegitura berdea.
Aldi baterako hirigintzako espazio hau T-Factor proiektu europarraren Erribera – Zorrotzaurre pilotuan sartzen da. Tximinia Berdearen eraikuntzak azkena eman dio ikaskuntza-prozesu bati; prozesua 2022ko urria eta 2023ko uztaila bitartean garatu zen, Deustuko Unibertsitateko unibertsitate-graduko curriculumaren barruan.
Prestakuntza-modulua nazioarteko adituekin egindako hitzaldi-programa batekin hasi zen. Bertan, ikasleek estrategia eta metodologia berriak ikasi ahal izan zituzten hirigintzako soluzio jasangarriak diseinatzeko. Hortik aurrera, taldeek naturan oinarritutako prototipoak landu zituzten, Zorrotzaurren lan egiten duten sorkuntzaren arloko profesionalen laguntzarekin. Erronka aldi baterako azpiegitura bat sortzea izan zen, biodibertsitatea sustatzeko, baina baita auzoko bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko ere, auzokoek erabiltzeko espazio publiko atseginak eta irekiak eraikiz.
ERRIBERA – ZORROTZAURRE PILOTUA
Erribera – Zorrotzaurre pilotua T-Factor proiektu europarraren barruan abian jarritako 6 pilotuetako bat da. Proiektuaren helburua da espazioak aldi baterako erabileretarako duen potentziala aztertzea, hiri-ingurune inklusiboagoak, jasangarriagoak eta biziagoak lortzeko.
Zorrotzaurre uhartean, T-Factor pilotuaren helburua da auzoak dituen erronketako batzuei erantzutea, besteak beste, aukera ekonomiko berriak sortzea, uhartean bizi diren eragileen arteko lankidetza eta tokiko sarea indartzea.
Horretarako, 3 xede edo helburu garatu dira:
- Inguruneari lotutako unibertsitateen eta oinarri komunitarioko ekimenen arteko lankidetza sustatzea, hiri-erronkei aurre egiteko irtenbide berriak bilatzeko.
- Tokiko eragileen artean osatutako eta lankidetzan oinarritutako gobernantza-ereduen proposamen berriak sortzea.
- Hirietan, gutxi erabiltzen diren edo hutsik dauden espazioetan aldi baterako erabilerak martxan jartzea erraztuko duten araudiak garatzea, haiek berraktibatzeko tresna gisa.
Bilbao Ekintzak, Open Espazioak eta Tecnaliak osatzen dute T-Factorren tokiko koalizioa.
ZER DA T-FACTOR?
T-Factorren xedea da hiria berroneratzeko ikuspegi berritzaileak bultzatzea, hiri-ingurune inklusibo eta jasangarriagoetara aurrera egiteko aldi baterako erabilerek izan dezaketen funtsezko zereginean oinarrituta.
T-Factor proiektuak aldi baterako hirigintzak duen potentziala aztertzen du, klima-aldaketa eta gero eta handiagoak diren gizarte-desberdintasunak bezalako hirietako erronken aurrean egon daitezkeen irtenbideak prototipatzeko. Espazio hutsak eta gutxiegi erabiliak esperimentazio kolektiborako espazio bihur daitezke, tokiko ingurunean balio soziala, kulturala eta ekonomikoa sortzeko.
T-Factorren koalizioak 25 kide biltzen ditu nazioartean. Hala, babesa emateko eta ezagutzak trukatzeko plataforma bat du eratua. Proiektuaren helburua da probatu diren berrikuntzen zorro osatu bat eraikitzea, aldi baterako erabileren alderdi hauek hartzen dituztenak: diseinua, antolaketa, kudeaketa, gobernantza, finantzaketa eta araudiak.
ERAGILE PARTE-HARTZAILEAK