HESIA
Hesia proiektua aire zabaleko erakusketa-euskarri berri bat da. Proposamen honek erabiltzen ez den publizitate-espazio zahar bat berreskuratzen du eta interbentzio artistikoetarako egitura bihurtzen du, artisten kolektiboentzat eta herritarren erabilerarako eskuragarri. IED Kunsthaleko ikasleek instalazio bat egin dute beren prestakuntza-prozesuaren barruan. Diseinuko goi-eskola honetako ikasleak aritu dira hesiaren interbentzioan lanean, auzoaren memoria post-industrialean eta bertan aurrera eramaten ari den berrurbanizazio-prozesuan oinarrituta.
Hesia proiektua IED Kunsthaleko prestakuntza-curriculumaren barruan garatutako ikaskuntza-prozesu baten azken prototipoa da, T-Factor pilotuaren barruan. 2022-2023 ikasturtean, Diseinuko Goi Mailako Arte Irakaskuntzen Graduko ikasleek “Sozializaziorako eta ongizaterako hiri-diseinua” prestakuntza-modulua egin zuten. Bertan, aldi baterako hirigintzaren zeregina aztertu zuten, sozializazioa erraztu eta auzoaren memoria immateriala balioan jarriko duten espazioak sortzeko.
ERRIBERA – ZORROTZAURRE PILOTUA
Erribera – Zorrotzaurre pilotua T-Factor proiektu europarraren barruan abian jarritako 6 pilotuetako bat da. Proiektuaren helburua da espazioak aldi baterako erabileretarako duen potentziala aztertzea, hiri-ingurune inklusiboagoak, jasangarriagoak eta biziagoak lortzeko.
Zorrotzaurre uhartean, T-Factor pilotuaren helburua da auzoak dituen erronketako batzuei erantzutea, besteak beste, aukera ekonomiko berriak sortzea, uhartean bizi diren eragileen arteko lankidetza eta tokiko sarea indartzea.
Horretarako, 3 xede edo helburu garatu dira:
- Inguruneari lotutako unibertsitateen eta oinarri komunitarioko ekimenen arteko lankidetza sustatzea, hiri-erronkei aurre egiteko irtenbide berriak bilatzeko.
- Tokiko eragileen artean osatutako eta lankidetzan oinarritutako gobernantza-ereduen proposamen berriak sortzea.
- Hirietan, gutxi erabiltzen diren edo hutsik dauden espazioetan aldi baterako erabilerak martxan jartzea erraztuko duten araudiak garatzea, haiek berraktibatzeko tresna gisa.
Bilbao Ekintzak, Open Espazioak eta Tecnaliak osatzen dute T-Factorren tokiko koalizioa.
ZER DA T-FACTOR?
T-Factorren xedea da hiria berroneratzeko ikuspegi berritzaileak bultzatzea, hiri-ingurune inklusibo eta jasangarriagoetara aurrera egiteko aldi baterako erabilerek izan dezaketen funtsezko zereginean oinarrituta.
T-Factor proiektuak aldi baterako hirigintzak duen potentziala aztertzen du, klima-aldaketa eta gero eta handiagoak diren gizarte-desberdintasunak bezalako hirietako erronken aurrean egon daitezkeen irtenbideak prototipatzeko. Espazio hutsak eta gutxiegi erabiliak esperimentazio kolektiborako espazio bihur daitezke, tokiko ingurunean balio soziala, kulturala eta ekonomikoa sortzeko.
T-Factorren koalizioak 25 kide biltzen ditu nazioartean. Hala, babesa emateko eta ezagutzak trukatzeko plataforma bat du eratua. Proiektuaren helburua da probatu diren berrikuntzen zorro osatu bat eraikitzea, aldi baterako erabileren alderdi hauek hartzen dituztenak: diseinua, antolaketa, kudeaketa, gobernantza, finantzaketa eta araudiak.
ERAGILE PARTE-HARTZAILEAK