ERRIBERRITU

Objektuak eta baliabideak trukatzeko espazioa da Erriberritu. Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globaletako ikasleek diseinatu eta eraiki dute, tokiko eragile sortzaileekin lankidetzan, 2022-2023 ikasturtean zehar. Espazio honen asmoa da, auzo mailan, erabiltzeari utzitako objektuei bizitza berri bat ematea, berrerabilera bultzatzea eta ekonomia zirkularraren printzipioak sustatzea, baita uhartean dauden herritarren ekimenen arteko loturak sustatzea ere. Erriberritu espazioa zabalik dago edonork erabil dezan, eta “Utzi nahi duzuna, hartu behar duzuna” du goiburutzat.

Aldi baterako hirigintzako espazio hau T-Factor proiektu europarraren Erribera – Zorrotzaurre pilotuan sartzen da. Erriberrituren eraikuntzak azkena eman dio ikaskuntza-prozesu bati; prozesua 2022ko urria eta 2023ko uztaila bitartean garatu zen, Mondragon Unibertsitateko unibertsitate-graduko curriculumaren barruan. 

Prestakuntza-prozesuan, hiri-berrikuntzari lotutako metodologia eta estrategia berriak ikasi ziren, eta auzoko eragileekin batera esplorazio-prozesu bat eraman zen aurrera, premiak identifikatzeko eta espazio berria diseinatzeko. Ikasleen erronka izan da tokiko arazoei besteak beste baliabide faltari eta Zorrotzaurren lan egiten duten proiektuen arteko deskonexioari aurre egiteko irtenbide posibleak asmatzea, aldi baterako hirigintzako proposamenak sortuta.

ERRIBERA – ZORROTZAURRE PILOTUA

Erribera – Zorrotzaurre pilotua T-Factor proiektu europarraren barruan abian jarritako 6 pilotuetako bat da. Proiektuaren helburua da espazioak aldi baterako erabileretarako duen potentziala aztertzea, hiri-ingurune inklusiboagoak, jasangarriagoak eta biziagoak lortzeko. 

Zorrotzaurre uhartean, T-Factor pilotuaren helburua da auzoak dituen erronketako batzuei erantzutea, besteak beste, aukera ekonomiko berriak sortzea, uhartean bizi diren eragileen arteko lankidetza eta tokiko sarea indartzea.

Horretarako, 3 xede edo helburu garatu dira:

  • Inguruneari lotutako unibertsitateen eta oinarri komunitarioko ekimenen arteko lankidetza sustatzea, hiri-erronkei aurre egiteko irtenbide berriak bilatzeko.
  • Tokiko eragileen artean osatutako eta lankidetzan oinarritutako gobernantza-ereduen proposamen berriak sortzea.
  • Hirietan, gutxi erabiltzen diren edo hutsik dauden espazioetan aldi baterako erabilerak martxan jartzea erraztuko duten araudiak garatzea, haiek berraktibatzeko tresna gisa.

Bilbao Ekintzak, Open Espazioak eta Tecnaliak osatzen dute T-Factorren tokiko koalizioa.

ZER DA T-FACTOR?

T-Factorren xedea da hiria berroneratzeko ikuspegi berritzaileak bultzatzea, hiri-ingurune inklusibo eta jasangarriagoetara aurrera egiteko aldi baterako erabilerek izan dezaketen funtsezko zereginean oinarrituta. 

T-Factor proiektuak aldi baterako hirigintzak duen potentziala aztertzen du, klima-aldaketa eta gero eta handiagoak diren gizarte-desberdintasunak bezalako hirietako erronken aurrean egon daitezkeen irtenbideak prototipatzeko. Espazio hutsak eta gutxiegi erabiliak esperimentazio kolektiborako espazio bihur daitezke, tokiko ingurunean balio soziala, kulturala eta ekonomikoa sortzeko. 

T-Factorren koalizioak 25 kide biltzen ditu nazioartean. Hala, babesa emateko eta ezagutzak trukatzeko plataforma bat du eratua. Proiektuaren helburua da probatu diren berrikuntzen zorro osatu bat eraikitzea, aldi baterako erabileren alderdi hauek hartzen dituztenak: diseinua, antolaketa, kudeaketa, gobernantza, finantzaketa eta araudiak.

https://www.t-factor.eu/

ERAGILE PARTE-HARTZAILEAK