T-Factor Europako proiektuaren xede nagusia da espazioaren aldi baterako erabileren aukerak aztertzea, hiri-inguru inklusiboagoak, jasangarriagoak eta biziagoak lortzeko. Deustuko Erribera / Zorrotzaurre auzoan, gaur egun, proiektuaren 6 lan-pilotuetako bat garatzen ari dira, zeinak auzoak aurre egiteko dituen zenbait erronketarako erantzunak bilatzen dituen, hala nola ekonomia-aukera berriak sortzea, uhartean dauden eragileen arteko lankidetza eta tokiko ehuna indartzea.
Aurrekariak
Bilbo kanpoaldean dagoen uharte artifizial bat da Zorrotzaurre. Auzoaren iragana guztiz lotuta zegoen industriari, baina 90eko hamarkadan desindustrializazio garaia iritsi zenean, erabateko gainbehera pairatu zuen auzoak, gure garai honetara iritsi arte. Dena den, horrez gain, nortasun propioa ematen dioten sormen-ekimenen ekosistema bat eta elkarte-ehun garrantzitsua ditu.
Desindustrializazioaren ostean, aurretik fabrika eta tailerrekin okupatuta zeuden espazio ugaritan kultura-proiektuak eta tokiko negozioak irekitzen hasi ziren. Urteetan zehar, erabiltzen ez diren industria-espazioak berriz erabiltzeko formula berriak aintzat hartzen dituzten ekimenen ekosistema sortzen joan da, eta, horrela, azken hamarkadan rol oso esanguratsuak lortu dituzte uhartearen bizitzan.
Master Plana
Zorrotzaurreren etorkizuna berroneratze sakon baten mende dago, zeinak sormenari, ekonomiari eta etxebizitzei lotutako barruti berri bat ekarriko duen. Zaha Hadid arkitektoak diseinatu zuen Master Plana, eta 2004. urtean onetsi zen. Orain, datozen 30 urteetan garatuko da zenbait faseren bitartez. Epe luzean berroneratzeko prozesuari esker, sormen- eta negozio-erdigune barri bat eskainiko zaio hiriari, baina, bien bitartean, hiria eraikitzeko beste modu batzuk proposatzen dituzten tokiko ekimenak sortuko dira.
Eginkizunak
Hiru eginkizun ditu Zorrotzaurreren proiektu pilotuak:
1.eginkizuna: Uharteko sormen-ekimenen eta hezkuntza-komunitatearen arteko lankidetza aktibatzea
Uharteari lotuta dauden goi-mailako zenbait hezkuntza-zentrotako ikasleek tokiko sormen-eragileekin eta T-Factor zein T-labs direlakoen nazioarteko adituen sarearekin batera egingo dute lan hiru erronka handiren aurrean proposamenen prototipoak egiteko eta elkarrekin diseinatzeko: klima-aldaketa, gizarte-inklusioa eta ekonomia zirkularra. Prestakuntzari eta elkarrekin sortzeari lotuta dagoen prozesuan, askotariko proiektu eta prototipo inspiratzaileak garatuko dira, zeinak erronkei eta hirien bilakaeran eragina duten moduari hurbilketa berritzaile bat ematen saiatuko diren.
2.eginkizuna: Lankidetzako gobernantzaren eredu berriak
Eginkizun honetan, hain zuzen ere, uhartean eta Zorrotzaurreko barrutian egon daitezkeen lankidetzako gobernantzaren eskemen gaineko eztabaida kritikoa bultzatu nahi da. Prozesuari ekiteko, Dortmundeko Unibertsitate Teknikoko kideek osatzen duten T-Lab 6 delakoan aztertzeko hamar kasu bildu dituen txosten bat prestatu dute Europako beste hiri batzuetan martxan dauden lankidetzako gobernantzaren ereduei buruz.
Ondoren, tailer bat antolatu zen, eta lau kasu aurreraturen gobernantza-ereduak aurkeztu ziren bertan. Horren ondorioetan islatu ziren lankidetzako gobernantzaren eremu bat ezartzeko prozesuan aurkitu daitezkeen puntu kritikoak. Era berean, prozesu horretan bertan jaso da uharteko eragileak mapan kokatzeko datu geo-sozialak prestatu beharra: harremanetarako sareak, interesak eta abar.
Amaieran, zehazki, honako hau lortu nahi da: oinarri-mugimenduen eta unibertsitateen arteko etorkizuneko lankidetzako ekosistemaren egiturari eta funtzionamenduari buruzko kontzeptuaren proba bat sortzea, eragile anitzeko gobernantza-eredu batean txertatu ahal izango dena.
3.eginkizuna: Espazioaren aldi baterako erabilerak gaituko dituen araudia
Eginkizun honen barruan, espazioaren aldi baterako erabilerak erraztuko dituen hirigintzako araudiari lotutako tresnak diseinatuko dira. Lanaren xedea da dagoeneko existitzen diren aldi baterako erabilerak errazteko moduak aurkitzea, bai eta Zorrotzaurren zein hiri osoan aplikatu ahal izango diren esparru berriak sortzea ere. 2022. urtetik 2024. urtera, uhartearekin zerikusia duten eragile guztiekin lankidetzan aritzeko ekintzak garatuko dira, honako hauek barne hartuta: sormen-ekimenak, hezkuntza-erakundeak, administrazio publikoa, enpresak eta Europan zein nazioartean gizarte-berrikuntzari lotutako entitateak. Prozesuaren helburua da Zorrotzaurreren inguruan prototipoak, tresnak eta ereduak probatzea, zeinak bizitza-kalitatea hobetzeko eta ekonomian, gizartean eta ingurumenean hiri-inguru jasangarriagoa lortzeko balioko duten.
2021eko ekaina - iraila
2021eko iraila - abendua
2022ko urtarrila - 2023ko ekaina
2022ko martxoa - 2023ko ekaina
2022ko martxoa - 2023ko ekaina
2022ko martxoa - 2023ko ekaina
2023ko uztaila - 2024ko urtarrila
2024ko urtarrila - 2024ko maiatza
Bilbao Ekintza Bilboko Udalaren Tokiko Garapenerako Agentzia da, eta udalerriko ekonomia-jarduera babestea du xede. Lehentasunezko helburuen artean ditu ekintzailtzea sustatzea eta lurraldeko ETE-ei laguntza ematea. Bilbao Ekintzak askotariko tresnak garatzen eta ezartzen ditu, bai ETEi zuzenduak, bai ekintzaileei zuzenduak.
Espacio Open kultura-zentro bat da, eta gizartean eragina duten sormen-proiektuen azeleratzaile bat da. 2009. urtetik Galletas Artiach Fabrika zaharrean dago, Deustuko Erribera / Zorrotzaurre auzoan. Zentroa kultura garaikidearen, teknologiaren eta gizarte-kontuen elkargunea da. Open Espazioan proiektu propioak garatzen dira, sormen-teknologiei eta gizarte-ekintzailetzari lotuak, eta inguruaren entitate pribatuen eta publikoen kultura-ekimenetarako laguntza-zerbitzuak eskaintzen ditu. Instalazioetan sorkuntzarako eta fabrikaziorako zentro bat dago: Fab Lab Bilbao.
Tecnalia ikerketa eta teknologiako entitate pribatu eta independente bat da, eta liderra da estatuan, bai eta Europako handienetako bat, 1.445 langile baititu (249 doktore). Tecnaliako lantalde osoak helburu bakarra du: ezagutza BPGd bihurtzea, hau da, pertsonen bizitza-kalitatea hobetzeko aberastasuna industriarako negozio-aukerak sortuz.